octubre 8, 2012

Gora et Labora: Ikasturte berria

Iraila. Berriro ikasturte berria. Aurten bai. Aurten, aurreko urteetako nahi baina ezin haiek bai beteko.
Hasteko, hizkuntzak: kiosko ikastaroak. Portugesa, italiera, greziera ikastarorik ez dago. PIGSen gainbehera ekonomikoaren ondorioak. Errusiera, ordea, hortxe. Aberats berriena omen. Tira, bere garaian proletario zenbaitzuk errusiera ikasi zuten handikiak komunismoarekin izutzeko. Gaur zertarako? Errusiar Federazioko mafio-kapitalismoak, barka pleonasmoa*, ez dauka glamourrik. Ingelesa ordea edonork daki. Gu etsita. Handienen artean, frantsesa gainbehera. Iparraldean izan ezik.
Handi bat hautatzekotan, txinera. Krisia irauten duen bitartean egunero ideograma bat. Gure kalkuluen arabera, mandarin eruditu izan gintezke krisia amaitu orduko.
Osasuna. Aurten egunero bizpahiru ordu kirol, bospasei fruitu ale, bi litro ur, jogurtak, antioxidanteak, magnesioa, manganesoa, bitaminak, pentzu-proteinak, zortzi orduko loaldiak, siestak eta sexua neurrian; ahal den neurrian.
Hiritartasuna. Aurten hiritar eredugarri izatea erabaki dugu. Hauteskundeetan ez diogu lehen apetari men egingo. Bi hilabete eman digute arduratsu jokatzeko. Alderdi politiko guztien programak arretatsu erkatuko ditugu, hautagai guztien curriculumak estudiatuko. Boto arduratsua izango da geurea. Edo abstentzio arduratsua.
*Zelan euskaratu perro-policía?

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados