Gora et Labora: Irabazleak
![]() |
|
Jakin dugu, David Beckham modeloak futboletik erretiroa hartu duela. Urte luzeak gogor lanean eta 200 milioi irabazi omen ditu. Ostikadak baloiari, defentsei izkin, tattooak, kaltzontzilo sexyak, zaldi askotako autoak. Saria: 200 milioi. Lan ondraduaren saria. Jakin dugu bestalde, aparteko 200 milioi ordaindu zizkiola Botín familiak Espainiako Ogasunari. Zergak ordaintzen, F1 autoak diruz babesten, beti izan dira prestuak, finak, Botíndarrak, Francoren garaietatik. Baina Hervé Falciani izeneko hacker dohainak zeuzkan morroi batek Botíndarrek Suitzako banku batean ahantzitako milioi batzuen frogak eraman zizkion fiskal bati. Kontu horiekin Lola Flores batek, esaterako, belaunikatu beharko zuen epailearen aurrean baina Botíndarrek sorbaldak uzkurtu eta “Perdone, mequivocaú”-edo esan eta 200 milioi Ogasunari eman. Egingo dugu kontu deskuidua besterik ez dela izan. Fin. Ezta zigor sinbolikoa ere; esate batereko: kopia ezak 200 milioi aldiz “No distraeré mis millones en paraísos fiscales y contribuiré, aun más diligentemente si cabe, con mis impuestos, a acabar con la crisis, el paro y la exclusión social”. Botíndarrek 200 milioi zergetan ordaindu bazituzten Falcianiren ekarpenari esker, zenbat zeukaten, daukate, irabazleek paradisuetan? Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados