Gora et Labora: Transformer
![]() |
|
Irudiak testuaren lagun. Transformer diskoaren azalaren bertsio berria argitaratu zuen aurreko batean ABC egunkariak, 2014-01-09an, bere azaleko orrialdean. GIMP-edo erabilita, Lou Reed 1972an bezala makilatu zuten “ETAko abokatuen fronteko burukide” bat. Aurpegia txuri-txuria, begiak beltz, parranda gehiegi egin edo odol gutxiegi edan duen banpiro legez. Irudiak testuaren lagun. Kazetaritza fakultatean urtetan ibili dira testuak nola landu errealitatearen bertsio bat edo beste bat emateko. Baina gaur egun irudia da nagusi. Irudia landu behar. ABCko azal hark gogoratzen zigun irudiak aldatzeko informatika programak ez direla bakarrik zenbait pertsona boteretsu gazteago, indartsuago, agerrarazteko; gaiztoak gaiztoago agertarazteko ere bai. Lehen gaiztoak une txar batean harrapatu behar zituen argazkilariak, keinu itsusi batean. Aspaldidanik hona, keinu itsusien trikimailua labur geratu da eta, informatika lagun, gorriak gorriago eta berdeak berdeago agertuko dira. Buruzagi bat diktadore edo Estatu-buru izendatuko da. Militar bat kolpezaletzat edo esanekotzat joko da. Komeni bada hiltzaile edo terrorista. Zer zen Ariel Sharon? Zer zen Nelson Mandela? Egunkarietako lehenengo orrialdeak ikustea besterik ez dugu. Batzuei koipe, besteei egurra. Pertsonaiak eta egunkariak erretratatu egiten dira hor. Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados