Gora et Labora: Energia
![]() |
|
Fisikari ez garenok uste dugu energia Endesa, Fenosa, Hidrocantábrico, Hipertrola enpresei gero eta garestiago ordaintzen diegun hori dela. Hainbat politikari ohien eta hainbat handikiren soldata estratosferikoak ordaintzen ditugu argia piztu bakoitzean. Gure fakturaren proportzioan igotzen diren soldata energetiko horiek. Baina fisikariek badakite energiak gure planeta mugitzen duela. Eta azken hamarkadatan, gure planetan, gero eta energia gehiago metatzen ari dela ere badakite. Berotze globala esaten zaio. Planeta baten azalean energia gehiago eta jariakin mugikorragoak. Horrela, enbata eta urakan bortitzagoak espero dira datorren hamarkadetan. Izotz tonak urtu, itsasoaren mailak gora… Gizaki guztiok osatzen dugun sisteman ere energia handituz doa. Populazioa azkar handitzen da. Zenbat eta ekonomia ahulago orduan eta populazio hazkunde azkarrago. Gizakiok, oro har, gero eta gazteago gara. Batez beste nerabe. Aberatsok, ordea, gero eta zaharrago. Zahar aberats eta gazte txiroen artean dagoen aldea gero eta handiago denez, energia potentziala gero eta handiagoa da; hau da, zenbat eta gorago, erortzekotan, kolpe handiago. Sistema itxi batean energia etengabe handituz gero zer gertatuko den fisikariek badakite: eztanda. Baina lasai. Botereak kontrolatzen du.Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados