Gora et Labora: Aztarnak
![]() |
|
Erdi Aroan santu izatea: baraualdiak, sexurik ez, dirurik ez, otoitzaldi luzeak, penitentziak, zigorkatze selfie batzuk inoiz, sabelkeria gutxi, tentazioak saihestu, urte osoan garizuman legez bizi, umiltasunean… Tira, horrela santu izatea erraza zen. Garai haietan luzaro bizitzea oso ohikoa ez zenez, arautegiari urte bakar batzuetan eutsi eta saria eternala zen: mendeak eta mendeak, kopuru infinituan zoriontsu; horra saria. Eternitate infinitua zeruko oparotasunean, esne-mamizko ibaiak, gozokizko ortzadarrak eta maitasuna betiko, saecula saeculorum amen. (Hemen ez, han. Zeruan). XXI. mendean santu izan nahi dugunok konplikatuxeago daukagu. Egun, santu izateko, jasangarri izan behar dugu, iraunkor. Aztarna ekologikorik ezin utzi. Hara eta hona beti oinez edo bizikletaz. Arropa xumeak erabili behar, edo, hobeto: berrerabili. Oso kontuz Asiako ehungintza-esklabotza zeharka ez sustatzeko. Elikagaiak inguruko baratzetakoak, ez besterik. Zeelanda Berriko kiwiek, adibidez, gramo bakoitzeko eguratsean mila tona CO2 uzten dituzte. Jakiak, jakina, ontzirik gabe. Plastikoari vade retro, zelulosa ezta pixoihaletan ere. Abeltzaintzak, drogek, biodieselak, zerealei hektareak kentzen dizkiete; gure bizioak, haien goseteak. Autoak uranio dira, hegazkinak plutonio, berogailuak negutegi efektua… Santuok monasteriotik ezin irten. Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados