febrero 7, 2015

Gora et Labora: 1315

Iazko hitzik nabarmenduena selfie izan omen zen . Gure monasterioan egindako inkestan, ordea, krisi hitza gailendu da.
Krisiari buruz, beraz, zerbait idatzi behar eta Internetera, plagiatzera, jo dugu. Krisi hitzaren ondoan mende guztiak agertu, baina XIV. mendeko krisia, Sarean, aipatuena. Duela 700 urte goseteek, izurriteek, klima hoztearekin bat egin zuten Europan. Garai haiekin konparaturik oparotasunean bizi gara. Langabezia, etxegabetzeak, deus ez hotza, gosea eta arratoi beltzen ondoan.
Jendeak dama anorexiko segalariaren bisitaren zain egotea, besterik ez zuen, sufrimenduekin amaitzeko. Eskerrak gero paradisu eternala zain zeukatela!
Gaurko krisi smartphone-txiokatua XIV. mendeko krisi harekin konparatzea, terrorista bat Ala Ahalguztidunarekin konparatzearen antzeko zerbait da: txiste txar bat.
Baina kontua da nola irten ziren krisi hartatik. Aristokratak noble izatetik kapitalista-burges izatera pasatu ziren eta fraideok iraultza kulturala: kodexak eskuz kopiatzetik moldiztegian liburuak erostera. Izurriteek eta goseteek aho gutxiago utzi zituzten betetzeko: geratzen zirenen artean banatzea errazagoa bilakatu zen eta kolonialismoa asmatu zen.
[Eta historia erabat apokrifo honekin bete ditugu 1315 karaktere. (Profetaren karikatura gaiztoak argitaratzeko inongo beharrik gabe eta, batez ere, Benemerita gogaitu gabe)].

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados