noviembre 9, 2015

Gora et Labora: Forua

Lorategi ederrean sartu zen aurreko batean Mendebaldeko Gure Lehendakari Jauna. Nazio Forala, Nazio Florala, Nazio Loretsua, Nazio Loriatsua aldarrikatu zigun.

Gure lehendakari jaunak hamaika aldiz entzun die aurkariei Nazio Batua eta Askotarikoa baten parte garela, (nahi eta nahi ez), non guztiok tokia daukagun eta elkarri uler diezaiokegun. Hamaika aldiz entzun du, bestalde, nazio kontu horiek zaharkeria, zentzugabekeria direla, batere moderno ez direla, XIX. mendeko kontuak direla. Nazionalismoa, irakurriz eta bidaiatuz sendatzen da.

Baina Mendebaldeko Gure Lehendakari Jaunak, oporretan, bidaiatu beharrean, gure klasikoak irakurtzen igaro zuen denbora nonbait. Osaba Sabinek utzitako libururen batetik Jaungoikoa eta Lege Zaharra bere osotasunean berreskuratzeko herritarrak nahiko helduak antzeman ez eta Foral horrekin laburbildu zigun dena. Esperantzak bizi gaitzan.

Gure mendebaldeko buruzagiak Foral kontu hori behin edo bitan aipatu zuenetik aste batzuk igaro dira jada. Hitzetan labur, kintzetan luze; diskrezio osoz arituko dira lanean jeltzaleak merezi dugun Euskadi Foral Loriatsua berrantolatzeko. Karlistadak galdu baino lehenago bezain libre eta zoriontsu biziko gara etorkizun hurbilean. Gernikako arbolaren pean elkarturik, haritz-zurezko upeletatik edanez, topa egingo dugu berreskuraturiko Askatasunaren alde. Laster.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados