febrero 5, 2016

Gora et Labora: Erantzuna

Ume horiek,
Zuen milaka eskutitz irakurri eta gero, erantzuteko gogoari ezin eutsi. “Aurten oso ondo portatu naiz” leloarekin nazka-nazka eginda nauzue. Delinkuenteen epaile aurreko diskurtsoa darabilzue. Eskerrak gero luzamendu handiegirik gabe zuzen-zuzenean jotzen duzuela gupidarik gabe eskatzeari: telefono smart benetako bat, tablet bat, ezpata-laserra, Halcón Milenarioa (nahi baduzu, maketa), Wii, Xbox, PlayStation, zaldi bat (benetakoa)…


Zerrenda amaigabe horiekin mototseraino! Zaldi arrosa hegoduna, zazpi koloretako Barbieren adarbakarra, Kent-en kabrioleta, Ferrari F12 gorri bat… Zuen guraso eta irakasleen ziurtagiriak eskatzen hasi beharko naiz ea “oso ondo portatu naiz” merke hori norainokoa ote. Bide batez, eskatuko diet kontrolatzeko Boing, Clan, Disney Channel horien aurrean ematen dituzuen orduak, eskolan ematen dituzuenak baino gehiago izan ez daitezen. Kokoteraino! Segi Disney printzesen eta animatzaile borladunen mozorroak eskatu eta eskatu!

Bestalde, ene irudi publikoaren erabateko eraldaketa exijitzen dut. Zer dela eta marrazten nauzue, oraindik ere, XVI. mendeko atsoa izango banintz bezala. Nik ere moderno agertu nahi dut. Soineko estu, minigona eta takoiak edo, gutxienez, kopeta-ilea motz eta garbitu berria eta trekking arropa, neguko forroa, mendi materiala soinean.
Sinatuta: Mari Domingi

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados