abril 15, 2016

Gora et Labora: Lebitatzen

Ene bolizko dorretik ikusten dut denbora-espazioaren hedakuntza eternala. Zuok oporraldi deituko zeniokete, nik bizitza. Entropiaren hazkundearen norabidean neurtzen duzue denbora, grabitatearen zurrunbiloetatik ezin ihes eginik. Nik, bitartean, Aladinok tapizean legez, hegaz.
Legamiarik gabe lebitatzen dut, psikotropikorik gabe. Zuen munduko hautsetatik aske, txanpions-ligeko partidak ikus ditzaket moviola eta guzti, Eurovisioneko doinuak aditu ditzaket, Europako parlamentuetako eztabaidak entzun ditzaket. Hegaz Nobel Sariak, Asturiaseko Printzesa Sariak, Goyak, Berlineko urrezko hartzak eta Canneseko urrezko palmondoak batzen ditut.
Lebitatzen dudanean goragoko dimentsio batean hartzen dut atseden eta ondo ikus ditzaket Europan eraiki dituzuen autobideak, Abiadura Handiko Trenbideen sarea, portuak, urtegiak, estolderia sistemak. Edateko ura edonon. Xanpaina.
Ikus ditzaket zuen osasun eta hezkuntza sistemak, zuen etxetresna elektrikoak, zuen Internet. Hauteman ditzaket zuen CERN horretan eragiten dituzuen partikula azpiatomikoen eztandak.
Baina lebitatzerakoan ezin hauteman, esaterako, Calaiseko lokatzak, errefuxiatuen kanpadendak, gendarmeak, hondeamakinak. Ene Aladinoren tapiza Turkiako umeen hatzek eho zuten. Hatz txikienek tapizik onenak. Hegaz egiteko tapiza, zaborra azpian ezkutatzeko.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados