Hiztegietan izen-mailegatzailea agertzen bada ere, nahiago “lastozko gizakia” edo “Gure gizona Panaman”. Lagunek “burdinazko burua” asmatu (<testaferro).
Iratzargailuaren diktadurapean bizi zareten koittauok ez dakizue dirua, benetako dirua, nola irabazten den. Goizero garraio publikoa lepo betetzen duzuen langileok pentsatzen duzue ekonomiaren piramidearen oinarriari zeuok eusten diozuela. Langileok oinarri- oinarrian zaudete, bai, baina dirua, benetako dirua, piramidearen punta baino gorago dago. Zeruan. Paradisuan. Tax haven horietan.
Denboralditxo bat lanera joan gabe eta langabezia estrukturalaren zama zuen lepoan, gainean daramazuela uste duzue. Beste batzuk, ordea, bakarrik kezkatzen gara mozkin-tasak behera doazela ikusitakoan. Zuek sortutako mozkinak diru bihurturik paradisu fiskaletan gordetzen ditugunok hobeto bizi gara. Dirua seguru gorde behar da, zergen higatzeetatik salbu.
Badago bizitza hoberik, baina garestiagoa da.
Dirua ezin da dena SICAVetan gorde. Ez da aukera txarra baina badago hoberik. Ondo ezkutatutako diruak ez du jabea nor den erakutsiko, ez du zergarik ordainduko. Zertarako daude offshore konpainiak?
Hemengo kutxa edo bankuetan dirua gordetzea, gaixotu eta Alepoko ospitalera joatea baino arriskutsuagoa da.
Munduan burdinazko buruak, porlanezko kopetak nagusi. Dirua duen zakurrari, zakur jauna #esaerak.
Gorka Azkarate © humorenlared.com |