Ruandako genozidioaz zutabe bat neukan idatzita, baina lagun batek esan zidan honelako aldizkari baterako gai egokiegia ez zela… Eta bota nizkion beste hurrengo hamaika gaiekin, berdin. Idazteko futbolaz.
Gizonezkoen futbol profesionalari buruz idazteko. Publizitateak agintzen duela. Interneten “Euro Cup” bezalako hitzak bilatzeko; dokumentatzeko idatzi aurretik.
Joan naiz Internetera, “EuroCopón” idatzi dut, eta txotxolokeria askoren artean, gai batek eman dit atentzioa: munduan Coca Cola bezala, eta Ondarroan Kokakolí bezala, ezagutzen den azukredun gaseosa baten akzioak, ordu erdian, % 1,6 jaitsi dira. Biribilduz, enpresaren balioa, rappel eginez, 4.000 milioi bat USD jaitsi da ordu erdian. 2,22 milioi $ segundoko.
Enpresaburuek iragarriz gero gaseosa horren formula goitik behera aldatuko dutela, merkatuek, ziur aski, ez lukete horrelako astindua jasoko. Baina influencer batek “ura gurago” esan, eta akzioen prezioa zapla erori.
Prentsan influencer jakin horren boterea azpimarratu da. Eta bere kontraesanak. Gaseosa azukredunari muzin egin, nutrizionisten zorionerako, baina, esate baterako, apustu-etxe etxekalteen babesle lotsagabea omen da tipoa.
Baina ia dute aipatu adimen artifiziala dabilela Euro Cup prentsaurreko ino-zoei begira-begira, eta, aldi berean, Burtsan urak nahasten. Burtsa: kapitalismoaren adatsa haizera.
Gorka Azkarate © elkarma.eus |