marzo 29, 2026

Gora et Labora: AAurrerantzean

Kamioizaleak laster bere lana galduko duela badaki. Diesela gero eta garestiago. Kostuak murrizteko enpresari geratzen zaion aukera bakarra, iragarri diote, bere soldataren laurdenarekin Adimen Artifizial sistema bat alokatzea kamioia gidatzeko.

Kamiozaleak pantaila piztu du. AAri galdetu nahi dio ea zein lanetan jardungo duen aurrerantzean. Pantailak ea premium ala doaneko erantzunak nahi dituen. Doanekoak. Pantailak erakutsi dizkio inguruko argi gorridun klub hurbilenak, gazte berriak, etengabe berritzen den generoa; gasolindegi hurbilenak mapan, 48 litro besterik ez dira geratzen; janari azkar-merke kateko jantoki hurbilenak…

Publizitatearen ostean, kamioizaleak jada ez du gogoratzen zer galdetu nahi zuen. Galdetu du ea zergatik diesela gero eta garestiago. AAk hainbat bideo erakutsi dizkio, aukeran. Guztietan AAk sortutako gizon ile-urdindun bat, gorbatarekin. AAkademiko bat.

Bi minutuko bideo bat hautatu du. AAk sortutako AAdituak azaldu dio kamioizaleak ongi dakiena: Ekialdeko Hurbileko gaizto horiek kulpanteak. Bonba gehiago, misil gehiago behar dute horiek, pentsatu du kamioizaleak. Bestela petrolio guztia txinatarrei salduko diete.

Kamioizaleak ez daki zer galdetu. AAlgoritmoak azken super ehiza-hegazkina erakutsi dio. Drone merkeen artean misilak jaurti eta gerra irabaziko duena. Irribarre egin du gizonak.

Gorka Azkarate © elkarma.eus

Pincha aquí para descargarte el PDF de EL KARMA 237

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados