junio 28, 2026

Gora et Labora: Debekatu!

Guztiok geure buruari eman diogun lege esparruan badago debeku gehiago ezartzeko beharrik.

Britainia Handian tabakoa debekatuko dute ez-dakit-zein urtetik aurrera jaiotakoei. Ondo egina; beren onerako izango da. Donostiako hondartzetan ere erretzea debekatuko da. Bazen garaia. Akabo milaka zigarrokin hondartzako hareara urtero botatzea.

Edari pizgarri batzuk nerabeei saltzea ere debekatzeko asmoa dago. Edari horien publizitatea ere debekatu beharko lukete. Instagramen, esate baterako. Eta Instagram bera. Anorexia eta antsietate sortzailea besterik ez da.

Jet pribatu guztiak ere debekatu behar, ekologiaren izenean. Eta ondo pentsatuta, hogei zalditik gorako auto pribatu guztiak ere bai. Duela ehun urte, zaldi gutxiagorekin ere, ondo bizi ziren. Bizikletak sustatu eta auto pribatu guztiak debekatu ja!

Adimen artifizialeko datu zentroek ekologia ikuspegitik ixteko modukoak dira. Debekatu! Debekatu horiek, eta kutsatzen duten negozio guztiak. Turismotik hasita.

Debekatu zezenketak, idi probak, bigantxak eta soka-muturrak. Debekatu entzierroak eta Formula 1eko lasterketak. Debekatu milaka pertsona elkartzen duten ekitaldi guztiak, horretarako milaka motibo daude. Zirku gutxiago, ogi gehiago!

Debekatu okela jatea. Ez da ekologikoa, ez da osasungarria. Debekatu hemen agertu diren argudioen kontrako argudio guztiak!

Gorka Azkarate © elkarma.eus

Pincha aquí para descargarte el PDF de EL KARMA 238

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados