Gora et Labora: Hasteko, hazteko
Beren buruei hedabide deitzen dieten boterearen koipe-emaile, gezurtero, opio-banatzaile alaenek egiten duten sasi-informazioaren aurrean, kontra-informazioaren beharra gero eta premiazkoagoa. Egunotan entzun eta irakurritakoak entzun eta irakurri eta gero, Karma dela bide, hasteko, gezurtatze batzuk: Nazioartekoak. Ez da egia Espainiako Erresumak Eurovisionera Rato & The Bandarras bidaliko dituztela Rescue Me abestera. Ez da egia Raxoi jaunak, Invictus filma ikusi eta gero, Casillas Moncloara bermuta (marianito) eta tapak hartzera gonbidatzen zuela. Ez da egia Espainiako Erregeari, desfile batean, himnoaren ordez Labexomorro-labexomorro jarri ziotela. Nazionalak. Ez da egia EH Bildukoek hilabeteotan, honelako lehendakarigai bilatu dutela: irrintziak botatzen dakien emakume euskaldun elebakar bertsolari artzain ile-motza. Ez da egia EAJkoek, gaileta-logo berriari segida emateko, batzokietan, lehendakari-ohien irudiak kenduko dituztela koloretsuagoak jartzeko: Txiribiton, On Martzelo Petronor Bielsa…. Ez. Ez da egia López eta Basagoiti ezkutuan elkar ikusten dutela Getxoko zirri-toki batean, Egiguren-Otegiren bekaizti. Kultura-Hezkuntza-Osakidetza. Ez da egia ingelesaren irakaskuntza goiztiarra ospitaleetako jaioberrien geletaraino hedatuko dutela. Oraingoz, jaioberriekin lan egiteko, umeak hazteko, First-a nahikoa. Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados