Gora et Labora: Burua altxatu
![]() |
|
Aitak ez zuen langileria, borroka eta horrelako hitzak inoiz erabili. Langilea zela ere ez zuen inoiz esaten. Semeari hala-nolako klase-kontzientziatik hurbilen botatzen zion esaldia: “gu larre motzekoak gaituk”. Nolabaiteko harrotasunaz esaten zuen. Txikitan gorriak, benetan latzak, ikusi ez baina. Zaharrago batzuk gerra ostean gosez hil baziren ere, bere garaian etxaldean beti egon ziren patata batzuk behintzat guztiok afari legea egiteko, gosez ez oheratzeko. Gaztetan fabrikan hasi, biltokian. Berrogeita piko urte enpresan. Azkar esaten da. Semeak “larre motzekoak gaituk” hamaikagarrenez entzun eta Changes (Bowie) ozenago jarri du telefonoko belarritakoetan. Gogoratu ditu aitonak trenari buruz kontatutakoak. Aspaldi hartan ere ez zituzten tren moderno haiek nahi. Gero, harrigarria izan zen zein azkar moldatu ziren abereak eta gizakiak ke eta zaratetara. Aziendek ez zuten burua altxatzen makinek egunero, gauero, egiten zuten zarata desatseginagatik. Ume edo animalia bat trenbidera gehiegi hurbiltzen zenean eta makinistak ufada botatzen zuenean besterik ez zuten burua altxatzen. Larrea motzago eta burua beherago. Aitari ERE baten bere izena hortxe dagoela adierazi diote. Sindikatu batera galdetzera joan da. Burua altxatuko? Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados