Gora et Labora: Merenge & txokolate
Banku bat erori da, gerra bat hasi da, itsasontzi bat hondoratu da; gerta daiteke arduradun errudunik ez egotea. Gerta daiteke. Esate baterako: hondoratu da merengez beteriko merengeontzi erraldoi bat, kilometro koadroak merengez estali ditu, auzitegiak hamaika urtez kontua ikertu eta errudunik ez. Inork gutxik gogoratzen du merengearen inpaktu ekologiko hura. Itsasertzeko kilometroak eta kilometroak merengez josiak. Ehunka boluntario plastiko beltzez jantzita kostaldeko merengea doan garbitzen. Ubarroiak merengez zipriztinduak, lumak ezin garbitu. Merenge usaineko itsasbelarrak, moluskuak, kresala… Merengearen inpaktuen ikerketarako dirua, hiru urte eta agortu zen. Hamaika urte geroago, epaiak zioen bere garaian ikerketek ez zutela ezer argitu, ezer frogatu. Errudunik ez beraz. Plastilina haritxo haiek kilometro koadro askotara hedatu baziren ere. Errudun bakarra kapitaina, agureari inork ez bazion bere garaian entzun ere egin. Ontzikoek itsas portuan babesa eskatu eta urruntzeko agindu zieten. Ahal zitekeena egin zen. Istripu bat, besterik ez zen izan. Patua. Bitartean, banana esportatzaile erresuma hartan txokolate-tarta baten auzia askoz azkarrago ebatzi zen. Errudunak auzoko erresumatik belarrietatik ekarri, epaitu eta zigortu. Di-da. Larriagoa baitzen txokolatez aurpegi bat zikintzea txapapotez kilometroak baino. Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados