marzo 11, 2014

Gora et Labora: Suitza

Beti gustatu zait Suitza: opil suitzarrak, mendiak, Heidi… Labana suitzarrak zorrotzenak dira, erloju suitzarrak zehatzenak. Banku suitzarrek gure lehendakariak bere gobernurako nahiko lukeen diskrezioa daukate, esportatzeko beste. Dirua inportatu eta diskrezioa esportatzen dute.
Demokraziarik aurreratuena. Edozein gauza erabakitzeko hiritarrei galdetu: bai ala ez. Baietz ba aurrera, ezetz eta atzera. Horrela egin dute, duela gutxi, esate baterako, atzerritar langileen inportazio kontuetan. % 50,4k bozkatu du ezetz. Eta ezetz; joan daitezela. Kapitalak bai, langileak ez. Norbera bere herrian, izan gaitezen ordenatuak.
Demokrazian gehiengoak agintzen du. Gutxiengoaren eskubideak errespetatu behar zirela zioen definizio zaharrak baina tira “gehiengoak agintzen du” horren ostean. Suitzarrek, Europako bihotzean, ez dute labana zorrotzezko hesirik behar, ez dute airera tirorik bota behar, demokrazia bertatik bertara gozatzera doazen atzerritarrak uxatzeko.
Bakezaleak dira. Banderan, gurutze gorriaren ifrentzua. Ez ziren gerra handietan nahastu. Erromako Gotzaina babestu eta udalekuak antolatu besterik egiten ez duen armada daukate. Suitzako soldaduek, tiratzaile bikainek, airea tirabidean jartzen dutenean, airea jotzen dute ia beti eta ez dute, gau batean, istripuz, dozena bat meteko akabatzen.Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados