junio 22, 2014

Gora et Labora: Libro-libro

Literatura klasikorik onena, komunetakoa. Komun publikoetakoa. Zakil hegalarien marrazkien artean, hortxe uzten zituzten poeta anonimoek mezuak posteritateari, hurrengo erabiltzaileei arima hunkitzeko.
William Douglasek Idahoko artzainen idazkunen bilduma egin zuenean komunetako literaturaren antzekoa topatu zuen. Artzain amerikanuek zuhaitzetan idazten zutena, hura ere, barrenak husteko, gorputza libratzeko.
Baina egun gure komunetatik desagertzeko bidean doaz errima betegarrian osaturik egiten ziren biko hoskide baldar haiek, non sexua eta politika psikologo sozialek aztertzeko moduan nahasten ziren: ETA, teta, pezeta, metralleta, bizikleta, brageta, militarra, gitarra, butifarra, tabarra… Si kieres ser titiritero toka kon la minga ste letrero. Gora EH Sozialista. Sucias-listas a mí…
Erlijio berdaderoari, futbolari, aipamenak topatzea ere ez da egun hain ohikoa. Eta kontua ez da egun gizonezko ar Alfa zangar dirudunen eredu miresgarriak gero eta jarraitzaile gutxiago dauzkala komunetan. Ez. Kontua da komunetan arkatz markatzaile iraunkorra patrikatik ateratzen zutenek egun telefonoa ateratzen dutela. Eta idaztekotan, gizarte sareetan idazten dituzte etorri handiko mezuak. Libratu bitartean. Edo.
eta gu libro gabiltza kaleetan tirantezko
galtza laranjaz jantzirik, libro libro.
“Iraultza ez da txiokatuko”.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados