Gora et Labora: Pedrín
Batman-Robin, Simon-Garfunkel, Tom-Jerry, Epi-Blas, Mortadelo-Filemón, Asterix-Obelix, Roberto Alcázar-Pedrín… guztiek jasan behar izan zuten garaikideen hitz erdiak. Irriño maltzur batekin ea ez ote ziren oso bakarrik sentituko bi horiek horrelako egoera arriskutsuetan galdetzen zen; ezer esan ez baina entzuleari imajinatzeko eskatu. Monasterio honetan, aitorlekuan zailduenek ere, ezin imajina lezakete bi gizonen arteko adiskidetasun espirituala haragikeriaren lohiak zikin zezakeela. Jakina. Baina kaleko jendea ez da monasteriokoa bezain ondo hezia. Aspaldi honetan, esaterako, hitz erdiak bolo-bolo Espainian prime time-ko telebista pribatuen platoetan. Lehen tabernetan mihirik gaiztoenek ere nekez botako zituzten hitzerdi lohiak, orain, etxe askotako saletan entzuten dira. Adibidez, Nicolás Txikia delako gaztetxo horrek politikari eta enpresa-gizon boteretsuenak limurtzeko zeuzkan abileziak ez omen ziren erretorika arlokoak bakarrik. Hainbeste boteretsuk mutiko ahoberoa etxera eramaten bazuten… Nicolásek bulegorik dotoreenetako mahaietan paratu ditu bere zapatak, Aznarrek Bushen rantxoan bezala. Mutikoa jatetxerik garestienetan, auto ofizialetan, selfieak egiten ibili da. Orain gehien ordaintzen dionari salduko bere autofikzioak. Zazpi erakundek, zazpiak lerro-lerro, aldarrikatu dute morroia ez dutela ezagutzen. Ostras Pedrín! Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados