abril 19, 2015

Gora et Labora: Turista klasea

Klaseen borrokaren kontu hura jada historia da. Gaur egun batzuek lehen mailan bidaiatzen dute, bussiness klasean, eta besteok turista klasean. Haiek gehiago ordaindu eta gu pozik.

Gu, -barka plural maiestatikoa-, gu-txitan irten gara gure bolizko dorretik. Are gu-txiagotan hegazkina hartuta. (Aztarna ekologikoa uztea bekatu da; gero penitentzia egin behar).
Hegazkina ibili genuen azken aldian penitentzia aireportuan hasi zen. Txinako harresiaren luzerako ilaretan antolatuta bidaiari nazarenook astiro oinez gure dokumentu ofizialak hortzetan.

Hegazkineko kabinan megafono-ahoa zuen gizonkote baten atzean egokitu zitzaigun. Purrustadak. Besteok baino lau aldiz gehiago ordaindu behar izan zuen txartela azken egunetan, beharrak bultzatuta, erosteagatik. Aire-konpainiak, prezio politika horrekin, terrorista (sic) hutsak zirela aldarrikatu zuen entzule gatibuen aurrean. Finalera joateko berak ere zazpi aldiz gehiago ordaindu beharko zuela erantsi zion batek. Gero klase turistakook lezioak jaso genituen nazioarteko ekonomiaz. Ikasi genuen gizonkotearen herriko politikariak ustelak direla, ustel galantak. Irakatsi zigun gure herrian egiazko ustelkeria zer den ez dakigula. Bonsai horiek zuhaiztzat duzuenok etorri gure sekuoiak ikustera…

@inhigoaranbarri|rekin: Turista naizenez gero ez dut mundurik espero.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados