Jendea ondo kokatzen bazekien Lope de Vegak: El sabio en su retiro, el villano en su rincón, baina hala ere, bekatari hau inoiz gauez irten da bolizko dorretik mundua aurrez aurre ikustera, usaintzera.
Horrela, aurreko abuztuko gau batean, ilbetea lagun, Bilboko Aste Nagusia bertatik ikustera joan ginen, inolako drogaren lanbrorik gabe. Bolizko dorreko erosotasunari muzin egin eta konpartsen txosnetara abiatu ginen.
Beira, plastiko eta paper edukiontziak txizatoki bihurtuta eta jendetzaren izerdiaren, garagardo epelaren eta ke barre-eragileen lurrinak eta kiratsak nahasten, kiribiltzen ziren gure guruin pituitarioetan.
Bertoko indigena-txaman batzuei galdetu genion ea zein izan zitekeen gau hartako ikuskizunik esanguratsuena.
—Sabater filosofo ile-horia zera erakusten, zera irakasten… Pinpilinpauxa txosnan topauko dok.– Entzun zuen bekatari honek.
Hura entzun, hara joan eta epikureismo pragmatikoa-edo ikasi genuen. Esan beharra dago Savater oso bestelakoa irudikatzen genuela, No te prives! Defensa de la ciudadanía komunean irakurtzen genuenean. Ikastea, aurreiritziak zapuztea.
Ondoko txosnako batek, Mamiki kide batek, aurreratu zigun datorren Aste Nagusian Paris Hilton ekarriko dutela untxitxoz jantzita aurtengo mailari eusteko.
Azkenean lehen aldiz ulertu genuen Bilboko oihurik enblematikoena: AupaLaLeti!
Gorka Azkarate © humorenlared.com |