“Langileria hilik ei da, kontsumitzaile garela” abesten zuen Ruperrek The Age of Self hartan, (Robert Wyatt cover); “batzuk oso ondo ari, besteak lur jota. Ez kezkatu azkenekin, irabazleen sasoia daaa…” Leire Narbaizak Norberanismoa aipatzen zuen aurreko batean.
Kontsumitzaile edota aurreztaile. Irabazleen sasoi honetan, irabazleok bi aukera dauzkagu: irabazitakoa gastatu, kontsumitu, edo irabazitakoa gorde, aurreztu.
Erlijio eta egia berdadero bakarra dirua da. Guztiok sinesten dugu Dirua Ahalguztidunarengan. Besteek sinesten dutelako.
Dirua lastaira azpian gordez gero, etorkizunean gastatu ahal izango dugu, bai, baina betiereko inflazioak gure kapitala higatuko du. Dirua bankuan edo “lanean” jarriz gero, ordea, gure partez baten batek gure dirua inbertsio funtsetara, pentsio-planetara edo auskalo nora bideratuko du.
Aurrezkiak kudeatzen dituzten profesionalek eta algoritmoek etorkizuneko mozkin handienen bila beti. Zenbat eta enpresa handiago, zenbat eta monopoliotik hurbilago, orduan eta inbertsio seguruago. Horrela etengabeko kapital fluxua dabil herrialde aberatsenen enpresetara. Kapital horiei esker enpresa indartsuenak gehiago indartu egiten dira, eta mozkinen profeziak bete egin ohi dira.
Babelgo diru-dorreak etengabeko hazkundearen beharra du, mozkinen profeziak behar, eraitsiko ez bada.
Gorka Azkarate © elkarma.eus |