julio 25, 2016

Gora et Labora: #Alde

Igaro dira Espainiako hauteskundeak. Kikarakada nahi ez zutenentzat kikarakada eta erdi. Nafarroko Reynoan #Alde/Por favor horrek haizea a favor/#Alde izan du. Mendebaldeko probintziekin ere, osaba Sabin, haserretuko zinen, ezta?

Agian bada garaia, Osaba Sabin, beste plan bat asmatzeko. Igaro dira 124 urte Bizkaya por su independencia argitaratu zenuenetik. Onartu beharko duzu, baina, jendeak independentzia baino, nahiago duela dependentzia. Hegoaldekoak eroso sentitzen dira, nonbait, Bertín Osborne bezalakoen sakontasun politikoarekin. Mendebaldekoak, agi denez, miresmenez deskubritu dute zure garaikoa baino modernoagoa, sozialdemokratagoa, den beste Txadonak’tar Paulo hori. Iparraldekoak Txirritaren garaiko frantses euskaldun hura baino frantsesago.

Gu ez gara nor gure maixu miretsiari, —gure izena, gure aberria, gure ikurrina asmatu zuenari— iradokizunak egiteko baina dependenteak izatekotan, aukeran, Finlandia nahiago. Ondo pasatu dugu Espainiatik etorritako modekin: gerra zibila, diktadurak, konstituzioa, NATOarekin. Baina beste zerbait ere probatu nahiko genuke.

Finlandia eta Zuberoako armarriak antzekoak dira. Haien 200 legebiltzarkide eta gure 75ak elkartu eta aurrerantzean Zortziak bat. Oraingoan, Osaba, Euzkadi por su dependencia idatzi eta ea Errioxako ardoa inportatzen segi gaitezkeen lasai beste 124 urtez.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados