Igande goiza zen eta idazle honek bere bolizko dorrea denbora batez uztea erabaki zuen. Jaungoikoak gure Jaunak zazpigarren egunean atsedena hartu bazuen, beneditarrok, hortik ere, zerbait ikasi beharko.
Parrokianoek aperitiboa, txibierroak, bermuta hartzen zuten bitartean, bekatari honek baso bat ur zerbitzariari eskatu eta oharrak hartzeari lotu zitzaion. Herriko tabernarik handiena, Babilonia, Sodoma eta Gomorraren ataria. Jendearen harrabotsa.
Bi telebista erraldoi tabernaren alde banatan. Batean motor-lasterketak, bestean espainiar politikari bat bere publikoaz inguraturik. Bi gailuen bolumena isilduta.
Beneditar hau jendeari eta telebistari so. Ea jendeak elkarri zer esan, entzun nahian. (Mundua ere ezagutu behar, ezin bizitza osoa klasiko guztiak berrirakurtzen igaro).
Jendeak politikariaren diskurtsoa kritikatzen. Hitzak entzun gabe ere. Politikaria emakumezkoa izanda, emakumeek hobe ez entzuteko moduko txiste iraingarriak entzun behar beneditar bekatari honek. Politikaria, ordea, ezker-eskuin entzule guztiek ondo dakitena esplikatzen eta txalo zaparrada bat bestearen ostean jasotzen, bertso-txapelketako final batean bezala. Politikari zaharrak pantaila erraldoietan.
Bitartean, beste telebistan, motorrrak bueltaka. Motorrak, diskurtsoa. Susanaren lasterketa osoa. Patxi eta Pedroren zulatuak erakutsi dizkigu telebistak.
Gorka Azkarate © humorenlared.com |