Jaungoikoak gure Jaunak paradisuaren aurrerapenak, iragarkiak, frogak bidaltzen dizkigu etengabe. Gure malkoen haran honetan, noiz edo noiz, paradisuaren ate bat edo beste zabalik antzeman daiteke.
Ez dago hemen luzatzeko eta zehaztasunetan sakontzeko tokirik eta, ate horietan, zabalenetako pare bat aipatuko, besterik ez.
Hipermerkatuak eta Eurovision. Baga, gure gorputz hilkor honek behar eta behar ez dituen apeta ia guztiak asetzeko aukera. Eta biga, arimaren, espirituaren, gozagarririk gorena.
Gorputzaren apetekin baino, espirituaren beharrekin kezkatzen gara zutabe honetan (eta Karma aldizkarian, oro har). Horregatik ezin izan diogu eutsi Eurovision horri gorazarre xume bat egiteko bulkadari.
Gregorio Allegrik Miserere mei, Deus opari egin zigunetik, ez zen mundu honetan aingeruek beraientzat nahiko lituzketen pareko doinurik entzuten; Eurovision asmatu arte. Aurten, gainera, Portugalek eraman du! Herrialde katoliko batek!
Bekatari honek, hunkituta, maiz egiten du negar aurreko urteetako parte-hartzaileei entzuten.
Europarrok egiten dugun musika mundu osoan miresten digute. Gure futbol taldeen elastikoak jantzita hortxe ibiltzen dira txinatarrak, korearrak-eta, aho zabalik, gure kultura miresten.
Hobetzeko, baina, ingeles gutxiago eta latin gehiago eskatuko nieke.
Gorka Azkarate © humorenlared.com |