Gure planetan, homo sapiens sapiensaren gailentasuna, nagusitasuna, amaitzear dago.
Sustatun irakurri genuen profezia. 352 ikertzaileren iritziak aipatzen dira. Cornell Universityn argitaraturiko lana.
Gure arrazaren gainbehera Deep Bluek Kasparovi irabazi zioenean hasi omen zen. Gaur egungo xake jokalariek ez daukate aukerarik egungo sistema informatikoen kontra. Kalkuluan ere, hasieratik erakutsi zuten ordenagailuek gizakiok inoiz izango ez dugun gaitasuna. Alan Turingek sortutako makinak matematikariek baino azkarrago, zehatzago, kalkulatzen zuen.
Hauxe da profezia; makinek irabaziko digute: itzulpen lanetan 2024. urterako, idazlanak egiten 2026. urterako, kamioiak gida-tzen 2027. urterako, xehetasun handiko eskulangintzan 2031. urterako, liburu arrakastatsuak idazten 2049. urterako, kirurgialari lanetan 2053…
Ea gizakiok nola hartzen dugun gailentasunaren galera. Kasparov deprimitu zen.
Urte gutxi barru, Uber historia izango da, Literatura Nobel saria programatzaile talde batek irabaziko du, Euskal Wikipediak hogei milioi artikulu izango ditu zuzenean ingelesetik makinek ekarriak.
Laster, gizakiek makinak programatu beharrean, makinek gizakiak hazi eta hezi egingo. Makinek botako dute makiltxoa eta gizakiek, korrika, atzera eramango.
Gorka Azkarate © humorenlared.com |