julio 31, 2018

Gora et Labora: Furgol

Anitius Manlius Torquatus Severinus Boethius klasikoaren De consolatione philosophiæ irakurtzetik Udal liburutegira, Ignacio Aldecoaren El fulgor y la sangre berrirakurtzera. Ingurukoek As, Marca, Don Balón. Haiek ez didate kasurik egingo eta ez dira klasikoekin ausartuko. Nik, ordea, jakin-min zabalekoa, irekikoa, eta haien egunkariak begiztatzea erabaki dut. Ez omen da bekatu.
Ez-dakit-nongo mutilkoteek ez-dakit-nongo mutilkoteei penaltietan irabazi. Itzela. Herrialde osoak dar-dar. Cristiano izen kristaua duen batek mila kristauk beste irabaziko duela Turinen, pobrezia botoa ahaztuta. Greban jarri dira Turineko Fiat enpresakoak. Ez hiriko futbol taldeak Jeep daramalako idatzita elastikoetan, baizik eta kristau batek beraien soldaten mixeria azaleratu egin dielako. Langile horiek, Boezio irakurri beharrean, greban.
Futbol maskulinoko egunkariek politikaz ere zerbait dakarte; politika lohia dela! Esaterako, jokalari kroaziar batek politikaz itsuskeria batzuk bota omen ditu: errusiarrei Ukraina eta Krimea aipatu. Nazioarteko Futbol erakunde nagusiak, FIFAk, jokalari ahoberoa zigortuko du. Pernandorenak esateagatik. Ez ei da barkatzen kirola eta politika nahastea. Jokalari frantziar batek haien futbol taldea armada bat dela esan du eta horregatik orrazkera militarra erabiliko dutela. Ereserkiak eta banderak, Boezio maitea.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados