Gora et Labora: Demak
![]() |
|
Kalekume asfaltozale hutsa naizelako-edo ez ditut gogoko idi-demak. Debekatuko nituzke halako batean diktadore izendatuko banindute. Hilzorian banengo ere bai. Ez bakarrik abereei eragiten zaien alferrikako, nire ikuspegitik, sufrikarioagatik. Baita giza-aberea animalien artean ankerrena dela frogatzen dutelako. Bide batez, debekatuko nituzke hainbat apustu, postura eta gizon-proba. Ea nork daukan burua harria baino astunago, ea nork duen aizkora mingaina baino zorrotzago, ea nork egin mokordo handiago… Nire lagun baten aitona horrelako apustu batean hil zen. Ea nork irentsi babarrun gehiago. Arrastu orduko lapikoko guztia janda eta biak ados. Berdinketa hausteko, Maria gailetak baserriko esne osoarekin. Halako batean lagunaren aitonak bihotzekoa eta berak bizitza eta lagunek dirutza galdu. Txarrena izan zen ezin izan zutela posturaren hirugarren faseari ekin. Ezin izan zituzten, aurretik adostu legez, gorotzak pisatu. Baina hilzorian dagoen diktadore banintz, ―hilzorian dauden diktadoreak dira estimatuenak―, ene herrikide maiteei hori eta antzeko plazerak debekatuko nizkieke. Eta Nire Estatuarentzat gordeko nituzke trabes, dema eta joko guztien antolaketaren monopolioa. Estatu batek inoiz asmatu duen zerga sistema erregresiborik irudimentsuena. Zenbat eta jakite ekonomiko-matematiko eskasago orduan eta jokozaleago. Demasa. Gorka Azkarate © humorenlared.com |
Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate
Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados