Kultura gutxiagotuan bizitzeko nolabaiteko aukera egin dugunok, ohitu gara, halabeharrez, nolabaiteko militantziara.
Utziko dut hurrengo bideo baterako militantzia politikoa, gobernuz kanpoko erakundeetako militantzia, militantzia erlijiosoa eta oraindik sakratuagoa den Atheticekiko militantzia.
Hizkuntza militantziaz arituko naiz.
Esate baterako, ogia erosterakoan, okindegi batean sartu, “ogi luze bat” eskatu eta “queeé” entzun. “Ogi handi bat” eskatu, eta argitzeko-edo, eta atzamar erakuslea erabili, ogi luzeetako saskia seinalatuz. Orduan ogi-saltzaileak: “¿De media cocción?”. “Bai, erdi-errea”, nik, eta errematea; okinak, bolaluma gorriaz, “erdi-egosita da gura dozuna, ezta?”.
Edo, esate baterako, arraina nahi eta, antxoen garaia izanik, Eroskira. Eroskikoek bertoko produktua goraipatzeko-edo, antxoen kutxaren inguruan ikurrina txiki pilo bat. Idazkun elebakarra, baina: “boquerones”. Gure amak, gaztelaniadun elebakarra izanik, agian ez luke bere herriko idazkun hori ulertuko, eta baietz, idazkunak idazkun, “anchoas” eskatu eta ez “boquerones”. Antxoen idazkunarekin bezala beste arrain guztiekin. Lingua francan.
Erreklamazio-orria betetzerainoko militantzia ez da nirea baina. Honetan ere badaude graduak. (Ezagutzen dut baten bat euskararekiko militantzia muturreraino eraman duena, eta are ETB1 ikusteraino).
Gorka Azkarate © humorenlared.com |