junio 24, 2019

Gora et Labora: Lotsaizuna

Gaztetan uste nuen egunen batean lan merkatuan hobi txikitxo bat topatuz gero, —nomina-eta guzti, amesten nuen—, alokairua bat, edo, zergatik ez, hipoteka bat bideratuz gero… Zoriontsu izango nintzela. Dirua + osasuna + Jaunaren grazia = zoriontasun aljebraikoa.
Osasuntsu ailegatu naiz XXI. mendera, denbora luzean alienatu naiz nomina baten pean, —alokairu eta hipotekak ez ordaintzeko aitzakia gutxi izan dut hamarkadetan—, baina, hala eta guztiz ere, batzuetan zoriontasuna baino, lotsa sentitzen dudala aitortu behar izaten diot ene aita konfesoreari.
Zergatik seme? Turismo egin izan dudalako, aita, CO2 pilo bat isuri dudalako, —gaztetan beste isurketa batzuk ziren bekatu—, telefonoa rooteatzen ez dakidalako, ene matxismoa plastiko beltz baten atzean gotortu dudalako, Ola Bini-ren askatasuna eskatzen ibili beharrean Saudiarabiar petroliotik datorren gasolinaz mugitu naizelako eta, behin, Real Sociedadeko bufanda bat erosi nuelako, (daukaten presidentea nondik den aberats jakinda ere).
Aita konfesoreak, jaun santu horrek, kontsolatu nau esanez guztiok garela geure garaiaren esklabo. Hiru Agur Maria errezatzeko, Santiagora oinez joateko, eta ondare guztiak Elizari emateko. Oraingoz bekatu mortalik ez dudala egin. Penitentzia txiki horiekin, kito.
Ez lidake barkatuko, baina, jakingo balu behin Amazonen erosi nuela.

Gorka Azkarate © humorenlared.com

 

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados