Txikitatik denbora ikasturteka antzemateko hezi gaituzte. Oporrak-lana-oporrak-lana-oporrak. Bukatu dira oporrak. Iratzargailurik gabeko goizak, ogi txigortua patxadaz gosaltzea, liburu bat lasaitasunez hautatzea, bidaia bat planeatzea.
Iraila. Iratzargailua. Irratian G7ko kontu horiek, erdi gosalduta jendez mukuru doazen garraiobidean ibili behar. Estu eta zutik lantokira. Iratzargailua, iraila, hira.
Irratiko Telefónicako langile erretiratuen inbidia. 53 urterekin betiko oporraldia. Oraindik ere urte batzuk aurretik bizitzeko. Soldataren %68rekin gainera. Euren lanpostuan irabazten zuten soldaten beste %32arekin langile zahar zurrunak langile gazteekin ordezkatuko. Merkeago, malguago. Beste enpresetako administrazio kontseilari guztiak inbidiak erretzen.
Bitartean irratian betikoa. Mediterraneoan gertatzen denaren errudunak Libiako mafiak. Amazonia sutan, Afrika salgai —Txinak zatika erosten du—, estatubatuarrek txorimalo laranja bati eman diote botoa Danimarka erosteko, eta Errusian, judoka batek, xakean baino nahiago du Ukrainako birlak botatzen ibiltzea gasa Europara esportatzen duen bitartean. Indian eztanda demografikoa, Saharan sargori, espagetiak Italian —bertokoentzat, ez etorkinentzat—, Israelek buruarekin hormaren kontra, talka eta talka: nik arrazoi-nik arrazoi-nik arrazoi…
Ez dezagun konposturarik gal, halere.
Gorka Azkarate © humorenlared.com |