Pentsa daiteke nominan dauden spin doctors horien aholkue jarraiki erantzun ziela aurreko batean Hezkuntza sailburuak kazetari zorrotzari (Irati Urdalleta, Berria, 2023-6-3).
Garaietan esaten zen bezala, kandela bat Jaungoikoari eta beste bat Deabruari. Koherentzia politikoak aspaldian eman dituen perlarik distiratsuenak lortu zituen Urdalletak.
Irakurleok pozik geratu ginen izenburutik bertatik. “Sailburua, itunpekoen alde, beti; eskola publikoa ardatz, noski”. Ona lerroburua.
Hezkuntza Lege berriarekin ‘euskara ardatz izango da’, iragarri zigun, (baita erdaraz curriculumaren % 80 antolatzen duten zentroetan ere). Euskara irakasgaian ebaluazioa eta kalifikazio gogaikarrietatik salbuetsita geratzen diren ikasleak aipatu ez.
Irakurle batzuk zer pentsa ez genekiela geratu ginen irakurri genuenean Lege berriak laikotasuna bermatuko duela, besteak beste beren estatutuetan katolizismoaren baloreak sustatzeko asmoa aitortzen duten eskola kristauetan.
‘Ikasle zaurgarri’ etiketa, sanbenitoa, daukaten ikasleak, —pobreak—, barreiatuko ei dituzte sisteman zehar, ghettoak sor ez daitezen. Pobreek, beraz, eskura izango dute egunero autobusez joatea, eta hamaika futbol zelai, bizpahiru frontoi eta Udaleko Kiroldegiak etxerako nahiko lituzkeen igerilekuak dituen ikastetxera joatea. Kuotarik gabe. Amen.
Gorka Azkarate © elkarma.eus |