diciembre 24, 2024

Gora et Labora: Maratoia

Barkatu. Aurten ere, berriro, galdu egin dut EITB maratoian parte hartzeko aukera. Barkatu; tokirik ez hemen ene aitzakiak zerrendatzeko. Aurten kontua zen 16 orduz ‘Eskutitza’ izeneko abestia abestea, toki publikoetan, koreografiarekin. Horrela ibili ziren Gasteizko parlamentariak abesten, irribarretsu dantzatzen. Haiek eta beste ospetsu asko kameren aurrean, eskuekin bihotzak irudikatzen.

Aurten bihotzaren gaixotasunak ikertzeko, iaz minbizia, aurrekoan esklerosi anizkoitza… Errekorra, iaz lortu omen zuten: 1.228.290 euro bildu ei ziren. Pozik, irribarretsu.

Nire utzikeriak ez dauka barkamenik. Baina datorren urtean adi, txintxo, ibiliko naiz. Abestuko ditut abestu beharrekoak, egingo ditut egin beharreko keinuak eta dantzatuko naiz proposaturiko koreografiekin. Eta aurreko hamarkadetan eman ez ditudan dirulaguntzak datorrenean emango ditut.

Proposatu nahi nuke, zutabe honetan geratzen zaizkidan lau lerroetan, datorren urteko diru-bilketa zertarako: AHT trenbide, zubi eta tunel gehiago egiteko, edo Ibaizabal azpitik 4 erraileko autobidea eraikitzeko, (+ 2 nora-bideko bidegorriak), edo biosfera erreserba batean nazioarteko museo mundial bat egiteko, edo babes ofizialeko etxebizitzak egiteko…

EITB maratoiaren diruarekin obra publiko itzelak egin genitzake eta gure zergak osasun kontu txikiago horietarako gorde.

Gorka Azkarate © elkarma.eus

Pincha aquí para descargarte el PDF de EL KARMA 232

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados