septiembre 30, 2025

Gora et Labora: Egungo dogma

Hazkunde ekonomikoan oinarritzen den zibilizazioaren itxura zeharo aldatuko da hazkundea, arrazoi fisikoengatik, ezinezkoa bihurtzen denean. Munduko diru kopuruak handitzeko mugarik ez dago, baina diruak ordezkatzen dituen benetako ondasunak, mugatuta dagoen planeta batean, ezin dira etengabe sortu aldi berean gehiegizko zaborra sortu gabe eta lehengaiak agortu gabe.

Lehengai batzuk agortu daitezkeela hasi dira batzuk susmatzen, —Boliviako gasolindegietan igual— eta bitartean zaborra espazioan, itsasoetan, hirien aldirietan metatzen da. Halere, betiko hazkunde ekonomikoaren mitoan sinesten dugu. Mito idatzi dut baina dogma da: gure ekonomiak hazi egin behar du besteena baino azkarrago, bestela jan egingo gaituzte. Hazi, hazi, hazi. Sabaiarekin talka egin arte? Ez. Ez dago sabairik. Lehengaiak agor daitezke? Bai zera!

Zabor metak Babelgo dorrea baino handiago izango dira? ‘Asmatuko dute zerbait’ hazkundeari eusteko. Ezin badira luxuzko auto gehiago saldu, ekoitziko dira tankeak, droneak, jet pribatuak. Kobrea, petrolioa erauzten den errit-moan baina azkarrago xahutzen bada: asmatuko dute zerbait. Zientzialariek ez bada, adimen artifizialek. Bitartean eutsi diezaiogun, betiere, hazkunde ekonomikoari. Astean berrogei ordu gutxi da, egin ditzagun aparteko orduak. Planeta asko daude, salba dezagun ekonomia.

Gorka Azkarate © elkarma.eus

Pincha aquí para descargarte el PDF de EL KARMA 235

Pincha aquí para ir a otras columnas de Gorka Azkarate

Pincha aquí para ir a las columnas de los colaboradores más buscados