septiembre 30, 2025

Gora et Labora: Egungo dogma

Hazkunde ekonomikoan oinarritzen den zibilizazioaren itxura zeharo aldatuko da hazkundea, arrazoi fisikoengatik, ezinezkoa bihurtzen denean. Munduko diru kopuruak handitzeko mugarik ez dago, baina diruak ordezkatzen dituen benetako ondasunak, mugatuta dagoen planeta batean, ezin dira etengabe sortu aldi berean gehiegizko zaborra sortu gabe eta lehengaiak agortu gabe.

Lehengai batzuk agortu daitezkeela hasi dira batzuk susmatzen, —Boliviako gasolindegietan igual— eta bitartean zaborra espazioan, itsasoetan, hirien aldirietan metatzen da. Halere, betiko hazkunde ekonomikoaren mitoan sinesten dugu. Mito idatzi dut baina dogma da: gure ekonomiak hazi egin behar du besteena baino azkarrago, bestela jan egingo gaituzte. Hazi, hazi, hazi. Sabaiarekin talka egin arte? Ez. Ez dago sabairik. Lehengaiak agor daitezke? Bai zera! (Más…)

junio 29, 2025

Gora et Labora: Toxikoa

Zaila izan zen tabakoa toxikoa zela frogatzea. Tabako industriak milioiak zeuzkan balizko toxikotasunari buruzko zalantzak zabaltzeko eta milioiak tabakoaren aldeko publizitatean xahutzeko. Hollywoodeko erreferentziazko aktoreek pantailetan erretzen zuten, intelektualek telebistako platoetan. Tabakoak adi egoten laguntzen zuen, erlaxatzeko balio zuen. Arriskutsu? Bizitzea da arriskutsu.

Hamarkadak behar izan ziren gaur egun zigarro paketeetan argazki errealistetan ikusten diren efektuak tabakoarekin lotzeko.

Desagertu zen tabakoaren publizitatea kirol estadioetatik, pantailetatik, Hollywoodeko aktoreek ez zuten pantailetan erreko, eta gurasoek eta irakasleek utzi zioten umeen aurrean erretzeari. Edo utzi zioten erretzeari. (Más…)

marzo 30, 2025

Gora et Labora: Zenbat bizikleta

Europarrok segurtasun gehiago behar dugu. Ez etxetik ogia erostera irteten bagara okupa batzuk sartuko direlako gure etxean, ez. Kontua larriagoa da. Putinek Europa konkistatu nahi du. Arma gehiago behar ditugu. (Oraingoz, gero soldaduak ere beharko, jakina). Zifra bat bota digute. 800.000.000.000 euro. Argitaratuta dago.

Matematiketan ez bagaude oso jantzita ―eta kopuru potoloekin hasten direnean, ez gara egoten―, kalkulagailua behar.

Duela gutxi bizikleta bat erosi dut, 200 euro. Bigarren eskukoa. Berria izanez gero, 400 bat euro. Makina ona.

Armetan gastatu nahi duten diru horrekin 2.000.000.000 bizikleta berri eros daitezkeela dio ene kalkulagailuak. Europar Batasunean 450 milioi bat pertsona bizi bagara, armetan gastatu nahi duten diru horrekin Europar Batasuneko biztanle bakoitzarentzat 4,4 bizikleta berri erostea genuke. Ume jaio berrientzat eta hilzorian daudenentzat ere bai. (Más…)

Página siguiente »